Madril-Galizia linea

Linean egindako jarduketak

Galiziako tren-ibilbidea beti egon dira erliebe gorabeheratsuak baldintzatuta, eta horrek penintsulako erdigunearekiko tren-komunikazioak zaildu izan ditu.

Galiziarako sarbide berria Madril-Valladolid linea bidebanatzean hasten da, Olmedon, eta Santiago de Compostelan amaitzen da, Galiziako Ardatz Atlantikoarekin bat egiten duen lekuan. Ibilbide berria 434,86 km-koa da.

Olmedo - Zamora tartea. 99 km. Abian.

Abiadura handiko tarte hori Madril-Galizia AHLan dago, eta Madril-Segovia-Valladolid AHLatik irteten da, Olmedo parean. 99 km-koa da eta zabalera estandarra edo UIC (1.435 mm) du; 350 km/h-ko trenetarako diseinatuta dago. Korronte alternoko 2x25 kV 50 Hz elektrifikazioa, ERTMS eta Asfa trafikoa kontrolatzeko sistemak eta GSM-R komunikazio mugikorren sistema ditu.

 

Ibilbidean 15 bidezubi, bi pergola, Medina eta Toroko (Zamora) Trenen Aurreratze eta Aparkaleku Guneak, Medina de Campon beste geltoki bat ditu; gainera, Zamorako geltokia egokitu egin da.

Ibilbideko leku esanguratsuen artean Trabancos ibaiaren (874 m), Pitanza errekaren (820 m) eta Duero ibaiaren (620 m) gaineko bidezubiak daude.

Zamora - Lubián tartea. 139,1 km. Abian.

Zamora-Lubián tartea linearen luzeena da eta Zamorako probintziako erdigunetik ipar-mendebaldeko muturreraino doa; Zamora-A Coruña ohiko lineatik independentea da eta haren ekialdean dago. Ricobayo urtegia pasa ostean, leku lauetatik pasatzen da, Culebra mendilerroaren ondoan. Lurra malkartsuagoa da Puebla de Sanabria inguruan, eta erdi-maldako trazadura duenez, tunel txikiak eraiki beharko dira Portilla de Padornelora heldu arte. Herri horrek Lubiango haranerako sarbidea ematen du, Galiziarekin muga eginda.

Zamorako geltokia egokitzea

Adif Abiadura Handia enpresak Zamorako geltokian egindako jarduketetan, trenbide bikoitzerako plataforma-lanak egin dira, terminalaren beraren eremuko 2.880 m-ko luzeran, eta trenbide-lautada guztiz berrantolatu da; abiadura handiko bideak eta Medina-Zamora-A Coruña ohiko zabalerako lineari dagozkionak batera egongo dira.

Horrez gain, hiru nasa eraiki dira azpiko pasabideekin eta markesinekin, baita mantentze-lanetarako nabe bat eta sare konbentzionaleko katigamendu elektroniko berri bat ere, eta igogailuak, informazio- eta argiztapen-sistemak instalatu dira.

Abiadura handia Zamora hirira helduko denez, geltokia egokitzeko eta bermoldatzeko lanak egin behar izan dira.

Lubián - Ourense tartea. 101,7 km. Eraikitze-prozesuan.

Tarte horretan linea Galizian sartzen da. Ourenseko probintzia zeharkatzen du Zamorako mugatik, hego-ekialdean, A Gudiña herritik igarotzen den ibilbidean, eta A-52 autobidearen iparralderantz doa probintziako hiribururaino.

Linearen tarterik zailena da, ikuspuntu orografikotik eta geoteknikotik begiratzen badiogu. Horregatik, hasiera batean, ez zen bide bikoitzik aurreikusten ibilbide osoan; egungo bide bakarreko Padorneloko tunela erabiliko zen. Ondoren, Sustapen Ministerioak hasierako proiektuak erreformatu zituen: Padorneloko tunel berri bat eraikiko zen, eskuinean, Galiziarako noranzkoan, oraingo tunela beste trenbiderako utziz.

Eremuaren orografia konplikatua eta abiadura handiko berezko parametroak lortzeko premisa direla eta, ibilbidearen zati handi bat tuneletatik pasatzen da azken helmugara iritsi arte, Ourense-Empalme geltokira, hain zuzen ere. Geltoki hori abiadura handirako leku estrategikoa izango da, izan ere, hainbat tarteren abiapuntua eta helmuga izango da: Santiagora doan tarteaz gain, Lugora, alde batetik, eta Pontevedra eta Vigora, bestetik, doazenak ere bertan elkartuko dira. Galizian abiadura handia zabaltzeko bi oinarrizko jarduketa izango dira.

Ourense - Santiago tartea. 87,1 km. Abian.

Laugarren tartea martxan jarri zen lehena da, 2011ko abenduaren 10ean; A Coruñara arte zabaldu zen zerbitzua, Adif-ek Santiago - A Coruña tartea elektrifikatu baitzuen. 

 

Plataforma eraikitzeko obrak 2004an hasi ziren. Ibilbideak Ourense, Pontevedra eta A Coruña probintziak zeharkatzen ditu, ipar-mendebalderantz, A-53 errepideari jarraituz eta Santiago de Compostelan Atlantikoko Ardatzarekin batzen da.

Aurreko tartearekin batera, ibilbide osoko tarterik zailena da. Eremuko orografiaren zailtasuna gainditzeko eta ingurumen-eragina murrizteko 38 bidezubi eta 31 tunel eraiki behar izan dira, hau da, tarte guztiaren % 57 baino gehiago.

Ohiko linearekin alderatuta, Ourense eta Santiago arteko tartea 28,9 km-tan murriztu du.

Tarte horren alderdi garrantzitsu bat zeharkatutako eremuak errespetatzea da, ingurumenaren aldetik baliotsuak baitira, eta ondarea babesteko, berreskuratzeko eta zaintzeko neurriak hartu dira, eta eremu batzuetan obraren aurrekontuaren % 33 gainditu dute.

Santiago - A Coruña tartea. 65,1 km. Abian.

Tarte hori Atlantikoko Ardatzaren parte da: ardatza iparraldetik hegoaldera doa Atlantikoko kostaldetik, Ferrol eta Portugal artean, 238 kilometrotan zehar.

Lehen zegoen linea guztiz berritu da: trenbideak bikoiztu dira, trazadurak aldatu dira eta bi hirien arteko ibilbidea elektrifikatu da. Tartearen % 37,4 egitura bereziz osatua dago: 14 tunel (20,2 km) eta 10 bidezubi (2,8 km).

2011ko abenduaren 10ean Ourense, Santiago eta A Coruña arteko konexioa inauguratu zen.