Levanteko AHL
Ingurumenerako eta Ondare Kulturala babesteko neurriak

Garapen teknologikoaren eta ingurumen-sentsibilitatea ez dira kontrajarriak izan behar.Sustapen Ministerioak eta Adif Abiadura Handia enpresak tren jasangarri baten eta naturarekiko errespetua duen baten alde egiten eta sustatzen dute.
Trena ingurumenarekin integratzea Sustapen Ministerioaren jarduera guztien filosofiaren zati garrantzitsua da. Jarduera horietan sartzen dira, halaber, Adif Abiadura Handia enpresari agindutakoak; izan ere, Adif Abiadura Handia enpresak, obrek dirauten bitartean, ingurumen-inpaktuaren adierazpenaren irizpenak obra-tarte bakoitzerako edo arkeologia- eta kultura-ondarea babestu eta zaintzeko zehazten dituen baldintzak errespetatzen ditu.
Alde batetik, Adif-en kezka nagusietako bat ingurumena zaintzea da. Horregatik, abiadura handiko lineak eraikitzeko aurrekontuaren % 12 bideratu da haien ingurumen-integrazioa bermatzera, eta, hala, ingurumen-inpaktuaren adierazpenak betetzen direla ziurtatu da eta ingurunean hobekuntzak borondatez egin dira.
Linea osoan, neurri zuzentzaileak diseinatu dira lineak zeharkatzen dituen lurren ingurumena eta paisaia lehengoratzeko eta faunak azpiegitura gurutzatzea errazteko.
Adibide moduan azpimarra dezakegu, 2009ko abendura arte fauna pasatzeko 350 pasabide instalatu direla. Pasabide horiek faunaren iragazkortasuna ahalbidetzen dute, ekosistemaren barruko mugikortasuna kaltetu ez dadin. Pasabide horietako galiboari esker, ugaztun ungulatuak (oreinak, orkatzak, basurdeak, etab.) ibil daitezke.
Lanak egiteko erritmoak hegaztien habiak egiteko aldietara egokitzen dira, eta ingurune naturalean inpaktuak gehien murrizten dituzten eraikuntza-teknikak aukeratu dira.
Sustapen Ministerioak, Adif Abiadura Handia enpresaren bidez, erakunde eta administrazio publikoekin lankidetzan dihardu ondare historiko-kulturala babesteko. Madril - Gaztela-Mantxa - Valentziako Erkidegoa - Murtziako Eskualdea linearen 955 kilometroetan 47 aztarnategi aurkitu dituzte (104.778 m2-ko hedadura guztira).
Jarraian, ingurumenarekin eta arkeologia- eta kultura-ondarearekin lotutako lan eta aurkikuntza garrantzitsuenetako batzuk azalduko ditugu, Adif-ek ingurumena eta kultura-ondarea babesteko duen interesa erakusten dutenak.

Europako Batzordearen "Life" programak kofinantzatutako Life Zero Inpaktua (Development and demonstration of an anti-bird strike tubular screen for High Speed Rail Lines) proiektuaren helburu nagusia abiadura handiko trenbideetan, talken aurkako pantailen bidez, hegazti-fauna babesteko neurriak zehaztea da. Horretarako, proiektu honek talken aurkako pantailaren diseinu berri baten eraginkortasuna ebaluatuko du, "Hodi exentuen pantaila" kontzeptuan oinarrituta.
Ibilbidearen hasieran, linea berria Aranjuez (Madril) eta Ontigola (Toledo) artean, "Ontigolako itsasoa" izeneko hezegunetik gertu igarotzen da, El Regajal (Toledo) erreserba-naturalean dagoen hezegunetik hain zuzen. Eremu hori zeharkatzeko eta inguru horretako flora eta fauna ahalik eta gehiena babesteko, El Regajaleko tunela eraiki da, 4,7 km-ko luzerakoa. Tunel horri esker, arriskuan dauden hainbat tximeleta endemiko kontserbatu dira, ingurumen-balio handia dutenak.
El Regajal Parke Naturala oso garrantzitsua da bere flora eta faunagatik, non balio handiko elementu botanikoak eta bereziki entomologikoak dauden, hala nola arriskuan dauden tximeleta endemiko batzuk, besteak beste, "zeriynthia rumina", "tximeleta arlekina" izenarekin ezagutzen dena, edo "saturnia pyri" gaueko tximeleta, "paboi handia" ere deitua.
"Gaitun sendakari" landarea ere babestu da. Zuhaixka hori "maculinea nausithous" gaueko tximeleta endemikoak erabilitako igeltsu-mozketekin erlazionatuta dago. Galzorian dagoen tximeleta horrek zuhaixkaren lore-buruetan jartzen ditu arrautzak eta larbek lore-buru horiek jaten dituzte. Izan ere, Iberiar Penintsulako hamaika herritan baino ez dago.
Horcajada eta Naharros (Cuenca) arteko trenbidean, hormigoizko hondakinak birziklatzeko sistema bat instalatu da ingurumen-inpaktuak murrizteko neurri gisa. Sistema horrek garbiketa-ura eta agregakinak hormigoi-kamioietako hondakinetatik bereizten ditu. Hala, bi baliabideak hormigoi berriak egiteko erabiltzen dira.
Atmosferara igortzen diren kutsatzaileak murrizteko sistemak ere erabili dira, ibilgailu astun guztietan motor ekologikoak instalatuz. Era berean, zaratak obretatik hurbilen dagoen hirigunean (Naharros) duen eraginari buruzko azterketa bat egin da.
Horcajada aldeko tunelaren ahoan, erromatarren garaiko igeltsuzko kristalen meatze baten aztarnategia aurkitu da, eta, beraz, meatzerako sarbide bat utzi da, arkeologoek aztarnategia iker dezaten.

Abiadura handiko trenbideko lanei esker, aztarnategi paleontologiko bat aurkitu dute Fuentesen (Cuenca); 80 milioi urte inguru ditu, eta titanosauroen aztarnak aurkitu dituzte bertan.
2007. urte hasieran Fuenteseko zonaldera Madril-Valentzia AHko trenbidea igarotzeko lur-erauzketa handi bat egiteko ardura zuten makina astunak iritsi zirenean, inork ez zuen imajinatu, 20 metroko sakoneran, "Lo Hueco" izeneko altxor paleontologikoa lurpetik aterako zutenik. Espainiako paleontologoek Europako dinosauroen aztarnategi handiena eta aberatsena dela uste dute.
Fosilak lurpetik ateratzeko lanetan, obrak gelditu egin ziren aurkikuntzaren eremuan, errazago lokalizatzeko, dokumentatzeko, katalogatzeko eta babesteko. Bitartean, azpiegitura eraikitzeko lanak egin ziren tartearen beste eremu batzuetan.
8.000 fosil atera dira, horien artean artikulatu asko.
Contreras urtegiaren eremua kasu berezia da ingurumenean ahalik eta inpaktu txikiena eragiteko diseinatu eta planteatutako obrak egiteari dagokionez.
Baldintzatzaile naturalak direla eta, eraikuntza-proiektuetan kontuan hartu dira lehendik zeuden ingurumen-korridoreak, obrak egiteko erritmoak hegaztien habiak egiteko garaietara egokitu dira, eta eraikuntza-teknikak inpaktuak minimizatzeko baino ez dira pentsatu.
Eremuko fonometriaren (zaraten eragina) azterketa eta jarraipena egin da, tartearen eraikuntza egindako analisiaren zehaztapenetara egokitzeko, bazterketa-poligonoak ezartzeko eta lanak gauzatzeko alternatibak eta gomendioak proposatzeko.
Arreta berezia eskaini zaie obren inguruan bizi diren espezie babestuei, hala nola arrano beltza, bonelli arranoa, hontz handia eta belatz handia harrapariei. Harrapari-bikoteak identifikatzeko, obrak hasi eta amaitu arte haien jarraipena eta kontrola egiten da, jarduerak mugatzeko eta ingurumen-beharretara egokitzeko.
Obrek iraun duten bitartean, martxotik ekaina artean ez da ardatzik kendu, sastrakarik garbitu, leherketarik egin, lurrik mugitu, eta ez da gaueko lanik egin, 9 kilometroko tartean.
Contreras urtegiko bidezubiaren erdiko arkuaren diseinuak eta eraikuntzak, une oro, eremu horretako ingurumen-inpaktuaren adierazpenaren eskakizunak bete ditu.
Manuel L'Enova herritik gertu, garrantzi handiko villa erromatar bat eta nekazaritza eta abeltzaintza ustiategi bat aurkitu ziren. Adif-ek jatorrizko proiektua aldatu zuen aztarnategi hori babesteko, eta, horretarako, bi bidezubi eraiki zituen. Aurkitutako aztarna arkeologikoak Valentziako Kultura Ondarearen Zuzendaritza Nagusiaren eta Valentziako Generalitateko Museoen museo-funtsetan daude.
Hondakin arkeologikoak geotesteilezko eta babes-materialezko barrubiguna duen mantu batez estali dira, aztarnategia babesteko.
Lan horiek inbertsio gehigarria ekarri dute, 10 milioi euro ingurukoa, eta helburu bakarra aztarnategia zaintzea izan da.
Azpiegiturak ingurunearekin hobeto integratzeko, Adif-ek bizikletentzako eta oinezkoentzako bide bat eraiki du herritarrek erabiltzeko eta gozatzeko, abiadura handiko azpiegituraren parean, Alcáser eta Torrent artean, eta bertako zuhaitzak landatu ditu ezpondetan.