Madril – Bartzelona – Frantziako muga linea

Lineako geltokiak

Linea eraikitzearekin batera, trenbidearen erabiltzaileei zerbitzua ematen dieten geltoki berriak eraiki edo bazeudenak egokitu dira. 

Madrid Puerta de Atocha geltokia

 

Madrid Puerta de Atocha geltokia Espainiako abiadura handiko geltoki nagusiena da, bai bidaiari kopuruagatik bai tren-trafikoagatik. Bertatik ateratzen dira Bartzelonara, Valentziara, Sevillara eta Malagara doazen abiadura handiko trenak. Azpiegitura ezinbestekoa da Espainiako abiadura handia garatzeko, izan ere, horri eta Atocha-Chamartín tunelari esker, linea guztiak hiriburuan batuko dira.

2010eko abenduaren 19an tren-eraikina handitzeko lehen fasea amaitu zen: irteera eta iritsierak bereiztu ziren.Berritzei esker, geltokiaren edukiera handituko da: orain 16 milioi bidaiari hartzen ditu urtero eta 2025erako 35 milioi baino bidaiari gehiago izatera heldu nahi da.

Guadalajara Yebes geltokia

 

Bi solairu ditu: lehenengoan, harrera-gunea, salmenta-puntuetarako guneak, tren-bidaiarientzako informazio eta arreta puntuak, lau merkataritza-lokal, kafetegi-jatetxea eta komunak daude.

Hurrengo solairuan, nasetara joateko eskailera mekanikoak eta igogailuak dituen itxarongela bat dago.

Eraikin nagusiaren beste aldean, oinarri laukizuzena duen beste bat dago eta horren aurrealde osoan beirak jarri dira. Eraikuntzan, teleadierazleez eta beste zerbitzu batzuez hornitutako itxarongela bat dago eta aukera ematen die bezeroei trenari erosoago itxaroteko.

Itxarongelak dauden eraikinetatik nasetara joateko arrapalak, igogailuak eta eskailera mekanikoak daude, beraz, mugikortasun urriko pertsonei laguntzeko indarrean dagoen legedia betetzen da.

Guadalajara-Yebes geltokiko eraikin nagusiaren lehen solairuan kontrol-postua, bulegoak, eraikineko bilera-aretoa eta artxiboa daude. Geltokiak lau trenbide, nazioarteko zabalerakoak, eta hiru nasa ditu eta 10,5 milioi euroko inbertsioa izan du.

Calatayudeko geltokia

 

Geltoki zaharra birmoldatu eta handitu da.

Calatayudeko jatorrizko geltokia guztiz birmoldatu da abiadura handiak eskatzen dituen irizpide berrietara egokitzeko.

Bidaiarientzako eraikina guztiz berritu da eta bezeroentzako lekua lortu da, izan ere, lehenengo nasaren zati bat gehitu zaio harrera-guneari (lehen markesina batek estaltzen zuen).

Calatayudeko geltokiak bidaia-zentro bat du salmenta-, informazio- eta arreta-zerbitzuak emateko, baita kafetegi-jatetxe bat eta 170 ibilgailurentzako aparkalekua ere.

Zaragoza-Delicias geltokia

 

Delicias geltoki zaharraren eremuan dago eta, irekitzean, Zaragoza-Portillo geltokiak zerbitzua emateari utzi zion (lehen hiriko tren-trafiko guztia jasotzen zuen).

Adif-ek, geltoki berriaren administrazio-sustatzaile gisa, Dedalo Minosse Sari Berezia jaso zuen seigarren edizioan (2005/2006); nazioarteko arkitekturan sari baloratuenetako bat da.

Carlos Ferrater, José María Valero eta Félix Arranz izan ziren Zaragoza-Delicias tren-geltokia diseinatu zuten arkitektoak eta hiri-eraldatzearen motorra izateko eraiki zen.

Geltokiaren estalkia linea berriaren irudirik errepikatuenetako bat da: bederatzi arkuz osatutako metalezko egitura ikusgarria da, forma triangeluarretan tolestutako eta argi naturala igarotzea ahalbidetzen duten sabai-leiho ugarik zulatutako gainazal handi bati eusten diona, nasen eremuko espazio garden handian barneko argien joko iradokitzaile bat sortuz.

Oinarri laukizuzenean hamar trenbide daude: bost nazioarteko zabalerakoak eta beste bost zabalera nazionalekoak.Hormigoi zuri-gorrizko bost kubo handik bolumena ematen diote aurrealdeari.

Aragoiko geltokiak bi harrera-gune ditu, bat irteeretarako eta beste bat iritsieretarako. Irteeretako harrera-gunera sartzeko lau toki daude eta bakoitzean ate automatikoak daude.

Merkataritza-gune bat (kristala da nagusi) eta itxarongelak ditu. Nasetarako kontrol-puntuak pasa eta gero, bezeroak arrapala mekanikoen edo igogailuen bidez heltzen dira trenera.

Halaber, zeharkako pasabide bat sortu da, nasak lotzen dituena, eta aukera ematen duena bidaiariak aparkalekuetatik nasetara eta autobus-geltokira pasatzeko; autobus-geltokia tren-geltokiaren ondoan dago eta 40 ibilgailurentzako lekua du.

Lleida-Pirineus geltokia

 

Lleidako geltokiak nazioarteko zabalerako hiru trenbide eta iberiarreko beste hiru ditu, eta abiadura handiaren beharretara egokitzeko birmoldatu eta handitu zen.

Egindako lanen artean nabarmenena 1. eta 4. nasen gaineko markesina da: altzairu, aluminio eta metakrilatozkoa da, 200 metro ditu, bidaiarientzako eraikinaren parean, eta uhinak sortzen ditu nasen gainean.

Geltokia egokitzean harrera-gune berri bat eraiki zen, geltokiaren ekialdean, eta, hala, geltokia hiri-ingurunearen berrantolaketara eta trenbidetara iristeko azpiko pasabidera moldatu zen.

Harrera-gunea jatorrizko eraikinari lotuta dago; bertan dago bidaia-zentroa. Diseinuan beira eta aluminioa erabili ziren, besteak beste. Jarduketa osatzeko, arkitektura-multzoko alboetako fatxadak eta nasak zaharberritu ziren, eta bi igogailu eta lau arrapala automatiko ere jarri ziren.

Camp de Tarragona geltokia

2006. urtearen amaieratik, Tarragonako geltoki berriak lehen bidaiariak hartzen ditu, Lleidatik abiatzen den tarte berria martxan jarri baitzen.

Geltokia La Secuita eta Perafort udalerrien artean dago, Madril-Bartzelona-Frantziako muga abiadura handiko linea eta Mediterraneoko korridorea batzen diren lekuan.

Eraikinaren diseinuak funtzionaltasuna eta irisgarritasuna bermatzen ditu; izan ere, konexio bertikal eta horizontal guztiek ibilbide erraz eta dinamikoak dituzte, eremu bakoitzaren arteko desplazamendua errazteko.

Obraren inbertsioa 27,8 M eurokoa izan da.

Kokapena: Camp de Tarragona geltokia La Secuita eta Perafort udalerrien artean dago, Madril-Bartzelona-Frantziako muga abiadura handiko linea eta Mediterraneoko korridorea batzen diren lekuan.

 

 

Eraikinaren diseinua bezeroaren funtzionaltasuna, irisgarritasuna eta operatibitatea bermatzeko planteatu da. Horrela, konexio bertikal eta horizontal guztien helburua joan-etorriak optimizatzea da, ibilbide erraz eta dinamikoak eskainiz, zonalde bakoitzaren arteko konektibitatea errazteko.

Geltokiaren abantailak anitzak dira: herritarrek mugikortasun handiagoa izango dute aisialdiko edo negozioko joan-etorrietarako, industriarako eta merkataritzarako ikuspegi berriak zabalduko dira, eta turismoaren sektorea eta horri lotutako zerbitzuak indartuko ditu.

Baix Ebre eskualdetik Garraferaino eta mendebaldetik Lleidako probintziarekiko mugaraino doa eragin-eremua, hau da, 400.000 biztanle baino gehiagori zerbitzua emango die, eta horiei gehitu beharko zaizkie tren-azpiegiturak eta beste garraiobide kolektibo batzuekiko konektibitatea aprobetxatuz eremura iristen diren bisitari guztiak.

Azalera, trenbideak eta zerbitzuak:54.106,74 m2 ditu, eta, besteak beste, honako zerbitzu hauek ditu: bidaia-zentroa, bidaiarientzako arreta-guneak, merkataritza-lokalak, kontsignak, 633 ibilgailurentzako aparkalekua eta zerbitzu osagarriak.

Abiadura handirako nazioarteko zabalerako zortzi bide ditu (lau zentral eta lau albo edo alde banatan) eta 400 metroko luzera eta 10 metroko zabalera duten bi nasa. Trenetarako sarbidea estalitako pasabide altu batetik (88 metrokoa) egiten da. Pasabideak arrapala mekanikoak eta igogailuak ditu.Arrapalek eta nasek markesinak dituzte.

Mugikortasun-urria eta bestelako elbarritasunak dituzten pertsonentzako irisgarritasuna bermatzen du: aparkalekuak lotura zuzena du nasa-eremura sartzeko harrera-gunearekin, igogailuekin eta arrapalekin, eta arkitektura-oztoporik ez dagoela bermatzen da. 

Barcelona Sants geltokia

 

Abiadura handiko linearen obrak oso konplexuak izan dira Sants geltokiaren inguruan, Kataluniako trenbide-sistemaren erdigune nagusian.

Bartzelonako terminala Espainiako trenbide-geltokietako transformazio-operazio handienetako bat izan zen, 2008an abiadura handia hartzeko egokitu baitzen. 

Ondoren, trafikoak iparralderantz ateratzeko, iparraldeko burualdearen barrualdea egokitu da, Sants-La Sagrera tunelarekin lotzeko. Lan nagusiak trenbide-egiturak eta -instalazioak birbideratzea eta lerrokatzea izan dira; izan ere, abiadura handiko tunel berria ipar-ekialdetik iristen da terminalera, Provença kaletik, eta Santseko 6 tren-aparkalekuak eta abiadura handiko nasak ekialderantz orientatzen ziren, Avinguda de Roma kalerantz.

Abiadura handira egokitzeko obra guztiak trenbide-zerbitzua mantenduz eta inguruko hiri-mugikortasuna erraztuz egin dira. 

La Sagrera geltokia

 

La Sagrerako tren-geltoki berriaren eraikuntza garrantzi handiko proiektua da, bai tren-sektoreari, bai hiriari dagokionez, Kataluniako hiriburuaren eta haren garraio-sistemaren etorkizunerako. Kalkuluen arabera, urtean ehun milioi lagunek erabili ahal izango dute.

Sustapen Ministerioak eta Bartzelonako Udalak 2013ko uztailaren 10ean sinatutako asmo-protokoloak La Sagrera geltokiaren garapena bermatzen du. Geltoki horrek herritarren mugikortasun-beharrei erantzungo die, eta hiriaren irisgarritasuna eta garapena erraztuko ditu.

Protokoloa proiektuaren optimizazioan oinarritzen da, kostuak arrazionalizatzeko, geltokiaren funtzionaltasuna eta operatibitatea mantenduz. Gainera, finantzaketa-eredu berri bat definitu du, inbertitzaile pribatu batek merkataritza-azalera kudeatzeko duen partaidetzan oinarritua.

Protokoloaren helburuak Barcelona Sagrera Alta Velocidad (BSAV) elkarteko erakundeek sinatu beharreko hitzarmen baten bidez garatuko dira.

La Sagrera - Sant Andreu hiri-proiektua

Sant Andreu – La Sagrera operazioa datozen urteetako Bartzelonako tren- eta hiri-proiekturik garrantzitsuena da.

Zonalde horretako tren-azpiegiturak lurperatzen direnean, Europan mota horretako lurpeko egitura handienetako bat eratuko da.

Jarduketa horretan, 38 hektareako trenbide-azalera hartuko da, eta, horri esker, Espronceda kalearen eta Nus de la Trinitat kalearen artean trenbideek banandutako auzoak integratu ahal izango dira (ia 4 kilometro dira). Horrek hiri-eraldaketa sakona ekarriko du eta lurraldea 164 hektareatan egituratuko da, garapen ekonomikorako eta gizarte-kohesiorako aukera berriak sortuz.

Gironako geltokia

 

Geltoki berria Parc Central sektorean dago; lau mailako eraikin intermodala izango da eta garraio-trukagailu handi bati dagozkion zerbitzu guztiak izango ditu. Gainazalaren mailan, trenbide eta autobusetarako harrera-guneak egongo dira. Estalki handi bat izango dute, eta estalkiaren bidez argi naturala sartuko da eremu osoan. Harrera-gunearen azpian autobus geltokia, ibilgailuen aparkalekua eta trenbide nasak egongo dira. Abiadura handirako 4 trenbide eta 450 metroko 2 nasa egongo dira.

Estazioaren estaldura-lauzak 28.720 m2-ko azalera hartzen du.

Egungo geltokiaren harrera-gunea 1.288 m2-ko eraikin berriarekin lotuta dago; eraikina lurpeko geltokiaren estalkiko lauzaren gainean egin da.

Figueres-Vilafant geltokia

 

Figueres-Perpinyà nazioarteko atala Vilafant udalerriko Figueres-Vilafrant geltokiarekin lotzen da (Alt Empordà eskualdea).

Geltokia 2010eko abenduan jarri zen martxan, lehen fasean, iparraldetik, Frantziako mugatik, datozen nazioarteko zabalerako zirkulazioak eta, hegoaldetik, Bartzelonatik eta Gironatik, datozen ohiko zabalerako zirkulazioak jasotzeko. Hasiera batean, lau trenbide eta nasa bat zituen, baina, ondoren, bigarren nasa bat gehitu zitzaion, eta, azkenean, merkataritza ustiapenerako bi nasa eta 7 trenbide ditu: 6 nazioarteko zabalerakoak (bi orokorrak) eta 1 zabalera iberiarrekoa. 

Geltokitik UIC zabalera duten eta Europarantz doazen salgai-trenak ere pasatzen dira, gelditu gabe.

Eraikuntza jasangarria

Geltokia eraikitzean, ingurumen-jasangarritasuneko irizpideak hartu dira, hala nola argi naturalaren aprobetxamendua, energiaren zentzuzko kontsumoa, gutxi kutsatzen duten materialen erabilera eta hondakinen minimizazioa.